Berriak eta Prentsa Oharrak


GETXOKO KOMIKI AZOKAK MARIKA VILARI ETA JOKER LIBURU-DENDARI OMENALDIA EGINGO DIE

Urriaren 18tik 20ra komikizaleen topagune izango da berriro ere

 

MARIKA VILA

Getxoko Komiki Azokak, bere 18. ekitaldian, Marika Vila komikigile, ilustratzaile eta ikertzaileari omenaldia egingo dio. Jarduera profesional luzeko artista da bartzelonarra eta komiki feministaren adierazgarri nagusietariko bat. Horrez gain, Bilboko Joker liburu-denda ere omenduko dute. Getxoko Komiki Azoka urriaren 18tik 20ra izango da, bi lekutan: Areetako Geltokia plazako karpan (saltokiak) eta Romoko Kultur Etxean (jarduerak eta fanzine-gunea).


Marika Vila (Bartzelona, 1949) komikiaren eta ilustrazioaren munduan abiatu zen 70eko hamarkadan eta hasieratik emakumearen eskubideen aldeko jarrera erakutsi zuen. Bere ibilbide profesionalean Suedia, Erresuma Batua, Italia eta Espainiako argitaletxeentzat lan egin du. Emakume egile aitzindaria izanda, trantsizioan zehar egile-komikiari ateak ireki zizkion Konpromisoaren belaunaldia delakoaren partaide izan zen.

 

Bere lanak argitaletxe eta argitalpen ugaritan kaleratu dira; horien artean honako hauek nabarmendu behar dira: Selecciones Ilustradas, D.C., Thompson, Norma, Troya, Totem, Toutain, El Jueves, El Víbora, Rambla, El País, El Periódico de Catalunya, La Vanguardia eta Planeta DeAgostini Cómics. Bere lan ospetsuenak son "Si en el día una mujer...", "Desconfía...", "La mujer y la comida", "Dossier Amparo Torrego", "Penélope", "Tango", "Amablemente", "Trip", "Reflejos" (1 y 2), "Devilidad" eta "Mata-Hari" dira.

 

Komikigintzaz gain, Marika Vila beste eremu batzuetan ere jardun da. Horrela, argitalpenen koordinatzaile, idazle eta Komikiaren lengoaia eta generoko analisiaren ikertzailea da. Halaber, generoko kultura-identitateen sormen eta irudikapenean doktorea da eta 1976. urtetik aurrera emakumeak gizartean, hezkuntzan, eta komunikabideetan duen rolari buruzko hainbat gogoeta-eremutan parte hartu du. Gai horiek guztiek bere lan zabalaren formatu guztietan ikusgai daude eta, hori dela eta, zenbait sari eskuratu ditu, adibidez, IVÀ saria.

 

Joker liburu-denda

Bilboko Joker liburu-dendak Kultura Ministerioaren lehenengo Kalitatezko Liburu-dendetarako saria jaso zuen. 1994 urtean zabaldu zuten Santutxu auzoan. Handik 4 urtetara lekuz aldatu zen, Bertendona kalera. Beste bi leku-aldaketa izan ondoren, badira 5 urte Euskalduna kaleko 7. zenbakian kokatu zela. Hor, 300 metro koadro baino gehiagoko lokalean, komiki eskaintza zabala dago. Halaber, Joker kultura-jardueragatik nabarmentzen da; urtean 40 ekitaldi baino gehiago antolatzen ditu, esaterako sinatze-saioak, hitzaldiak, mahai-inguruak, erakusketak eta tailerrak.